Esta dirección de correo electrónico está protegida contra spambots. Usted necesita tener Javascript activado para poder verla.

Mugi

Garraio iriskorra

Garraio publikoaren jarduera herritarren zerbitzura bideratuta egon behar da, zerbitzu erregular, maiztasunezkoa, puntuala, azkarra, autobus-aldaketa ahalbidetzen duena, erosoa eta segurua eskaintzea lortzeko, informazioa formatu egokietan eskaintzen duena, guztientzako diseinuaren printzipioak markatutako arauei jarraituz, eta zerbitzuaren egoera zehatzen arabera egokiena dena.

Gipuzkoako gizartearen bilakaeraren ondorioz, eskakizun berriak sortu dira garraio publikoko zerbitzuan: irisgarritasun unibertsalari eta mugikortasun murriztuari lotutakoak, haur-kotxe eta -aulkiak sartzeko modua antolatzeko beharra, bizikletak edo etxeko animaliak sartzea baimentzeko aukera, biztanle-dentsitate txikiari edo eskaera-maila baxuari erantzuna emateko zerbitzuak, bakar batzuk adieraztearren. Eskaera horiei erantzuna eman nahi diegu Gipuzkoako garraioaren lurralde agintaritzaren barruan dauden gipuzkoako administrazioen eremuan bidaiaren errepide bidezkoa garraio-zerbitzu publiko erregularrak harmonizatzeko erregelamendu honetako artikuluen bidez, zerbitzuaren titularrak diren administrazioek apustu argi bat eginda, pertsona guztiek garraio publikoa erabiltzea ahalbidetzen duen zerbitzu unibertsala sustatzeko, denok ibilgailu pribatua erabili behar izan gabe dugun mugikortasunerako eskubidea erabiliz.

Mugikortasuna oinarrizko eskubidea da herritar guztientzat, eta zerbitzua edozein pertsonarentzat irisgarria, ingurune abegitsuan eskainia eta guztientzat seguru eta erosoa izateak eragina du gizarte osoaren bizi-kalitatean. Diseinu unibertsala onuragarria da adin guztietako eta gaitasun guztietako pertsona guztientzat.

Gipuzkoako Administrazio Publikoek edozein pertsonari, nahiz mugikortasun, zentzumen-komunikazio, hautemate edota dibertsitate kognitibo edota mentalen arazoak eduki, garraio irisgarri bat eskaintzea dute helburu.

Garraio publikoaren bidez mugikortasun irisgarria bermatzeko oinarria bidaiarien mugikortasun-kateko espazio eta une bakoitzean ezartzen diren irisgarritasun unibertsalerako baldintzak eta zehaztasunak lortu eta betetzea da, eta kate hori honela eratuta dago: azpiegitura edo instalazio finkoak (adibidez, geltokiak edo markesinak), ibilgailuak, bien arteko lotura, informazio-, seinaleztapen- eta orientazio-sistemak, eta, azkenik, berez zerbitzua dena ematea.

Ildo horretan, erregelamenduan xedatzen da garraio-zerbitzu publikoaren titularrak diren administrazioek eskura dituzten tresna guztiak erabili behar dituztela pertsonen irisgarritasuna eta mugikortasuna bermatzeko, eta, horrela, pertsona guztiek, eta bereziki mugikortasun murriztua, komunikatzeko zailtasuna edo bestelako muga psikiko edo sentsoriala dutenek, aldi baterako edo behin betiko izan, garraio-zerbitzua erabili eta gozatu ahal izango dutela bermatzeko. Irisgarritasuna funtsezko eta ezinbesteko elementua da desgaitasuna duten pertsonen eskubideak erabat eraginkorrak izan daitezen.

Egungo gizartean, bizi-itxaropena handituz doa etengabe, eta hala, pertsona ugarik istripu edo gaixotasunen ondorioz murriztua dute mugitzeko eta komunikatzeko gaitasuna, eta halaber, pertsona ugarik, egoeraren arabera, mugikortasun mugatua dute. Gizartea bera da garraioan irisgarritasun-baldintzen hobekuntza eskatzen duena, horrek pertsona horien eta, oro har, gizartearen bizi-kalitate hobea ekarriko baitu.

Erreglamenduan erabiltzaileen bizitzan norberaren egoera iraunkorraren edo behinbehinekoaren arabera mugikortasun murriztuko pertsonatzat hartzen diren pertsona multzoen zerrenda bat jasotzen da. Artikuluaren barruan, desgaitasunaren legezko definizioa gaindituta, oro har, inguruabar pertsonalak direla kausa beren burua edo hirugarrenak arriskuan jarri gabe zutik bidaiatu ezin duten pertsonak sartu dira, eta lehentasunerako araubide argia ezarri da erreserbatutako espazio eta eserlekuetan.

Halaber, ibilgailuetan sartzeko lehentasun-araubidea ezarri da, eta, hala, erabiltzaileen zein gidarien arau-hauste bezala tipifikatu da mugikortasun murriztua duten pertsonei erreserbatutako plaza horiek okupatzen ez uztea.

Ildo berean, aurretiazko erreserbarako araubide bat ezarri da ibilbide luzeko bidaietan, aulki gurpildunean lekualdatu behar diren pertsonentzat, eta, hala, zerbitzuaren titularra den administrazioak ordezko garraioa bermatuko dio erabiltzaileari, aurretiazko erreserba egin eta gero, erreserbatutako plaza edo espazioaren eskaerari garraio-enpresa eragileak erantzun ezin dionean.

Zerbitzuaren titularrak diren administrazioek, mugikortasun murriztua duten pertsonek gastu gehigarria izaten dutela jakinda –zenbaitetan lagunduta bidaiatu behar baitute–, berariazko tarifa-araubide bat ezarri dute, itsuen eta aulki gurpildunean lekualdatzen diren pertsonen laguntzaileentzat, eta, hala, doan bidaiatu ahal izango dute. Ekintza positibozko neurri horren bidez, garraio publikora bakarrik iristeko autonomiarik ez duten pertsonen desabantaila ekonomikoak konpentsatu nahi dira.

Zerbitzuaren titularrak diren administrazioek, mugikortasun murriztua duten pertsonek gastu gehigarria izaten dutela jakinda –zenbaitetan lagunduta bidaiatu behar baitute–, berariazko tarifa-araubide bat ezarri dute, itsuen eta aulki gurpildunean lekualdatzen diren pertsonen laguntzaileentzat, eta, hala, doan bidaiatu ahal izango dute. Ekintza positibozko neurri horren bidez, garraio publikora bakarrik iristeko autonomiarik ez duten pertsonen desabantaila ekonomikoak konpentsatu nahi dira.

Erregelamenduan arabera, zerbitzuaren titularrak diren administrazioek sustatuko dute garraio-enpresa eragileek erabiltzaileei zuzentzen dieten informazioa formatu egokietan eskaintzea, pertsona guztientzat irisgarri eta ulerterrazak izan daitezen, irisgarritasun kognitiboaren ildoei jarraituz. Halaber, arreta-zerbitzuetan eta web orrialdeetan, komunikaziorako laguntzak eta zerbitzu osagarriak ematea sustatuko du, hala nola, sistema handigarriak eta hautabidezkoak, ahoz eta zeinu-hizkuntzaz komunikatzeko sistema laguntzaileak, ukimen-komunikazioko sistemak eta beste gailu batzuk, pertsona guztiei komunikazioa ahalbidetzeko, eta dena pixkanaka-pixkanaka, gaiaren konplexutasuna kontuan hartuta.

Azkenik, aurreikuspen bat sartu da, alegia, zerbitzuaren titularrak diren administrazioek autobusetako eta, hala badagokio, geltokietako gailu akustikoak aktibatzeko beharrezkoak diren urrutiko aginteen banaketa sustatzea, hala eskatzen duten pertsonen artean.

pmr eus

IRISGARRITASUN UNIBERTSALA

Garraio-enpresa eragilea behartuta egongo da ezargarria den indarreko legerian, eta, nolanahi ere, emakida-tituluan edo zerbitzuaren ustiapena egiteko emandako agirian jasota dagoen garraio publikoetako irisgarritasun unibertsalari buruzko araudia betetzera.

 Irisgarritasuna sustatzen duten elementuak

  • Ibilgailuak irisgarritasun-sistemez hornituta egongo dira. Aipatutako sistemak erabilgarri eta aktibagarri egongo dira beti, horretarako ezarritako gailuen bitartez, adibidez urrutiko kontrolen bitartez.
  • Ibilgailuek dituzten ezaugarrien arabera, sartu-irteteko sistema hauek eduki beharko dituzte:
    • Inklinatzeko sistemak zoru baxuko autobusetan. Sistema horiek beti erabili beharko dira, ezaugarri orografikoek galarazten ez duten bitartean hala ahalbidetzen badute, mugikortasun murriztua duten bidaiariak igo eta jaisteko.
    • Arrapalak zoru baxuko autobusetan, aulki gurpildunetan mugitzen diren pertsonek ez ezik, mugitzeko material ortoprotesikoa (taka-takak, makuluak, etab.) behar duten bidaiariek ere erabili ahal izateko.
    • Plataforma jasotzaileak zoru altuko autobusetan. Aulki gurpildunetan mugitzen diren bidaiariek sartu-irteteko erabiliko dira.
  • Garraio-zerbitzuaren titularra den administrazioak deitzeko txirrinak zein ohartzeko sistemak ulertu eta erabiltzea errazteko piktogramak eta bestelako elementuak jartzea sustatuko du, eta, halaber, geltokietan informazio eskuragarria ematea. Ohartzeko sistema horiek ozentasun eta soinu egokiak izango dituzte, gidatzen duen langileari eragozpenik ez sortzeko modukoak.
  • Zerbitzuaren titularra den administrazioak, halaber, ibilgailu eta geltokietan informazioa eskuragarria izatea, eta arreta-zerbitzuetan eta web orrialdeetan komunikaziorako laguntzak eta zerbitzu osagarriak ematea sustatuko du, hala nola, sistema handigarriak eta hautabidezkoak, ahoz eta zeinu-hizkuntzaz komunikatzeko sistema laguntzaileak, ukimen-komunikazioko sistemak eta beste gailu batzuk, pertsona guztiei komunikazioa ahalbidetzeko.
  • Ikusteko zailtasunak dituzten pertsonak garraiatzeko, ibilgailuek seinale argidun eta akustikoak izango dituzte sartzeko ateetan, kirrinkari edo deigarriegiak ez direnak, ateen kokapena erraz aurkitzeko. Era berean, geldialdia eskatu dela bisualki eta soinuaren bidez informatuko da, eta funtzionamenduan mantenduko da ibilbide osoan.
  • Garraio-zerbitzuaren titularra den administrazioak sustatuko du autobusetako irisgarritasunerako gailu akustikoak aktibatzeko beharrezkoak diren urrutiko aginteen banaketa, hala eskatzen duten pertsonen artean.

Irisgarritasuna eta mugikortasuna bermatzea 

Garraio-zerbitzuaren titularra den administrazioak beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu garraio-sistema une bakoitzean dauden irisgarritasun- eta mugikortasun-beharretara pixkanaka egokitzeko. Halaber, garraio-enpresa eragileetako langileei egokia den prestakuntza ematea sustatuko du, mugikortasun murriztua duten bidaiarien beharrei erantzutearren.

Mugikortasun murriztua duten bidaiarien definizioa 

Jarraian adierazitako pertsonak hartuko dira mugikortasun murriztua duten bidaiaritzat –besteak beste ibilgailuen barruan erreserbatutako plazak eta espazioak erabiltzeko xedez–:

  • Aulki gurpildunetan lekualdatzen diren pertsonak.
  • Zentzumen-zailtasunak (ikusmena, entzumena, mintzamena) eta adimen-zailtasunak dituzten edo garraio-zerbitzu arrunta erabiltzeko zailtasun handiak dituzten pertsonak.
  • Alderdi antropometrikoak direla kausa, maniobratzeko zailtasunak dituzten pertsonak, eta, hala, espazio guztietara iristeko edo eserlekuak erabiltzeko gaitasun mugatua dutenak.
  • Bihotzeko gaixotasunak edo arnasa-eritasunak nahiz mugitzeko zailtasuna sortzen dieten bestelako gaixotasunak dituzten pertsonak.
  • Adin handikoak direlako lekualdatzeko arazoak dituzten edo autonomiaz lekualdatu ezin diren pertsonak.
  • Haurdun dauden emakumeak edo adingabeekin doazen pertsonak.
  • Gorputz-adar immobilizatu edo igeltsatuta dauzkaten edo makuluak erabiltzen dituzten pertsonak.
  • Mugikortasun funtzionalik ez duten eta lekualdatzeko arazoak dituzten pertsonak.
  • Oro har, inguruabar pertsonalak direla kausa beren burua edo hirugarrenak arriskuan jarri gabe zutik bidaiatu ezin duten pertsonak.

Mugikortasun murriztua duten bidaiariak sartu-irtetea 

Mugikortasun murriztua duten bidaiariak sartu eta irteteko orduan, segurtasun osoa bermatu beharko da, ezargarria den araudiaren arabera.

Mugikortasun murriztua duten bidaiariak ibilgailuan sartzeko mailara igo ezin direnean, horren berri emango diote ahoz gidatzen duen langileari, eta gidariak egokiak diren baliabideak erabiliko ditu bidaiari horiek autobusean sartzeko. Halaber, hitz egiteko mugatuta dauden bidaiariek keinu bidez adieraziko diote gidatzen duen langileari.

Mugikortasun murriztua duten bidaiariak ibilgailuan sartu eta bertatik jaitsi ahal izango dira erabiltzen erosoen zaien eta esfortzu fisikorik txikiena egitera behartzen dituen atea erabilita. Mugikortasun murriztua duten bidaiarien aulki gurpildunak sartu eta irteteko, horretarako gaituta dagoen atea erabiliko da, inklinatzeko sistemari eta sartzeko arrapalari edo plataforma jasotzaileari eragin eta gero, eta ibilgailuaren martxaren noranzkoa kontuan hartuta, aurrerantz edo atzerantz begira kokatuko dira, kasuaren arabera, eta balazta jarrita.

Autobusei dagokienez, oro har, aulki gurpildun homologatuetan lekualdatzen diren bi pertsona, gehienez ere, sartu ahal izango dira aldi berean ibilgailuan, irisgarritasun-baldintzei buruzko arau teknikoen arabera. Aulki gurpildunetan lekualdatzen diren pertsonek lehentasuna izango dute ibilgailuan sartzeko orduan, haur-kotxe eta -aulkien edo bizikleten aurretik, betiere horiek jadanik ibilgailuaren barruan ez badaude.

Mugikortasun murriztua duten pertsonentzako elementu lagungarriak edo eustekoak, hala nola taka-takak, behar bezala lotuta egongo dira bidaiatu bitartean. Elementu lagungarriak eramaten dituen pertsona izango da objektuek pertsonei edo ondasunei sor diezazkieketen kalteen erantzule, betiere egindako kaltean garraio-enpresa eragileak erantzukizunik ez duela frogatzen bada.

Ibilgailuan erreserbatuta dauden eserlekuak eta espazioak 

Bidaiariek, lehentasunik gabe, askatasunez erabili ahal izango dituzte ibilgailuko eserlekuak, mugikortasun murriztua duten pertsonentzat berariaz erreserbatutakoak salbu. Erabiltzaileek ezin izango dute inolaz ere eserita bidaiatzeko eskakizuna egin –eskubide hori izango baitute soilik bete gabeko eserlekuak badaude–, ibilbide luzeko zerbitzua ematen duten autobusetan izan ezik.

Autobusetan, mugikortasun murriztua duten pertsonek lehentasunez erabil ditzaten, aulki gurpildunetarako bi espazio eta lau eserleku erreserbatuko dira gutxienez, 12 metro arteko luzera duten autobusak direnean, eta sei eserleku, 18 metroko luzera duten autobus artikulatuak direnean. Eserleku horiek sartu-irteteko ateetatik hurbil egongo dira, behar bezala seinaleztatuta eta balidatzaileak, txirrinak eta geldialdi-seinaleak irisgarri izateko moduan.

Mikrobusetan, mugikortasun murriztua duten pertsonek lehentasunez erabil ditzaten, aulki gurpildunetarako espazio bat eta bi eserleku erreserbatuko dira gutxienez.

Gainerako erabiltzaileek okupatu ahal izango dituzte mugikortasun murriztua duten pertsonentzat erreserbatutako eserlekuak, betiere pertsona horiek ibilgailuan ez badaude edo, ibilbidean, eserleku horiek eskatzen ez badituzte. Eserlekuetan mugikortasun murriztua duen pertsonaren bati plaza uzten ez dioten bidaiariak eserita badaude, gidariak eskatuko die eserleku erreserbatu horiek erabili behar dituzten bidaiariei uzteko.

Ibilbide luzeko zerbitzuetan, eserleku zenbakidunen arabera salmenta-zerbitzua ematen duten garraio-enpresa eragileek mugikortasun murriztua duten pertsonentzat erreserbatutako plazak erabiltzaileen eskura jarri ahal izango dituzte, bakar-bakarrik, gainerako plazak jadanik erosi direnean.

Aipatutako zerbitzuetan, bidaiariek errespetatu beharko dute esleitu zaien plaza, tiketean adierazita dagoena. Nolanahi ere, garraio-enpresa eragileko langileek plazaren esleipena aldatu ahal izango du, behar bezala justifikatutako arrazoiak daudenean.

Zutik bidaiatzerik onartzen ez den zerbitzuetan, alderdi antropometrikoak direla kausa –aldi baterako edo behin-betikoak izan–, erosotasun- eta segurtasunbaldintza orokorretan lekualdatzeko espazio gehigarria behar duten bidaiariek zerbitzua ematen duen enpresari egoera horren berri eman ahal izango diote, bidaia hasi baino 30 minutu lehenago gutxienez. Modu horretan, garraio-enpresa eragileak erreserbatu ahal izango ditu pertsona horiek bidaiatzeko beharrezkoak diren plazak.

Ibilgailuan espazio erreserbaturik eza 

Ibilbide luzeko zerbitzuetan, garraio-enpresa eragileak zerbitzua antolatu ahal izateko, aulki gurpildunean lekualdatu eta espazio erreserbatu baten erabilera bermatu nahi duten mugikortasun murriztuko bidaiariek enpresa eragileari horren berri eman beharko diote ibilgailua irteteko finkatutako dataren aurreko laneguneko 18:00ak baino lehen.

Aipatutako erreserba egin bada eta egitean emandako zenbakiaren bidez egiaztatu bada, eta hala ere garraio-enpresa eragileak ezin badu erreserbatutako plaza edo espazioa eskaini bidaia egiteko orduan, horren ordezko garraiobide bat emango du, eta horren kostua zerbitzuaren titularra den administrazioak hartuko du bere gain.

Espazio erreserbatua behar duen mugikortasun murriztuko bidaiariak artikulu honetako lehenengo paragrafoan araututa dagoen erreserba egin ez badu eta ibilgailuan bidaiari horrentzat espazio erabilgarririk ez badago, baldintza egokietan artatua izan daitekeen lehenengo zerbitzura bideratu ahal izango da.

Mugikortasun murriztua duten bidaiarien tarifa-araubidea 

Mugikortasun murriztua duten bidaiariek gainerako bidaiarien tarifa-araubide bera izango dute, bidaian ibilgailuko zer espazio okupatu behar duten alde batera utzita.

Nolanahi ere, itsuak eta aulki gurpildunetan lekualdatzen diren pertsonak lagunduta egon ahal izango dira eurek aukeratutako pertsona batek, beraien segurtasun eta erosotasuna bermatzeko beharrezkoa den laguntza emateko gai denak; laguntzaile horrek doan bidaiatu ahal izango du, eta itsuen laguntzaile denean, ahal bada, haien ondoan eseriko da.

Aulki gurpilduna erabiltzen duen bidaiariak hirugarren baten laguntza behar izateari buruz desadostasunak gertatuz gero, gidarien irizpidea nagusituko da “in situ”, eta, hala ere, bidaiaren zenbatekoa itzuliko da, inguruabar hori behar bezala egiaztatu eta gero.

GGLA

GGLAk unean uneko garraio zerbitzua eskaintzen dio Gipuzkoari, baliabide eta operadore desberdinak bateratzeaz gain, herritarrentzat informazioa hobetzen.
GGLA ZUREGANDIK HURBILAGO.

Kontaktua

Easo Kalea 74

20006 Donostia / San Sebastián

Esta dirección de correo electrónico está protegida contra spambots. Usted necesita tener Javascript activado para poder verla.

943 000 117