Gaurtik aurrera, Euskotrenen sare nagusiaren trazatu osoan, tranbietan, funikularretan erabil daitezke EAEko hiru garraio-txartelak.
MUGI, BAT eta BARIK txartelen elkarreragingarritasuna: Ana Oregi Sailburuak zuzentzen duen sailak hasitako prozesuaren xede.
Eusko Jaurlaritzak eta Euskotrenek MUGI, BAT eta BARIK txartelen elkarreragingarritasuna abiarazi dute gaur Euskotrenek kudeatzen dituen Bilbo-Donostia-Hendaia trenbide-zerbitzuetan eta Amorebieta-Bermeo adarrean. «Gaurtik aurrera, hiru txarteletako edozein erabili ahal izango da Euskotrenen zerbitzu nagusian; beraz, bete egin dugu gure helburua, alegia, aurtengo lehen seihilekoan zehar abiaraztea», adierazi du Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik.
Txartel bakarra ezartzea Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren lehentasunezko helburua da eta elkarreragingarritasuna abian jarrita gauzatzen da. Garraio Plangintzaren Zuzendaritzak plan horretan oinarriak finkatu eta pauso zehaztak emate aldera egin du lan; horrela, pixkanaka-pixkanaka, autonomia-erkidegoko garraiobideetan hiru txarteletako edozein erabili ahal izango da.
“Eusko Jaurlaritzak MasterPlana egin zuen, garraioaren kasuistika eta bideak jasotzeko. Hortik aurrera, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak bere erantzukizunpeko garraioetan zabaldu du elkarreragingarritasun hori, hala nola Euskotrenen” azaldu du Ana Oregik.
Garraio Plangintzaren Zuzendaritzak proiektua bultzatzen jarraituko du, beste garraiobide batzuk ere Euskadiko elkarreragingarritasunean sartzeko. Horren adibidea DonostiBus da, horrek datozen hiletan proiektu pilotua ezarriko baitu.
Ana Oregik zehaztu duenez, «azken hiru urte hauetan zehar, progresiboki sartu dira txartelen elkarreragingarritasunera Euskotrenen garraio-zerbitzuak: Bilboko tranbia, Larreinetako funikularra, Vitoria-Gasteizko tranbia, Bilbo-Donostia-Hendaia lineako Ermua-Elgoibar zatia».
Eusko Jaurlaritzako Garraioetako sailburuorde Antonio Aizekin eta Euskotrenen zuzendari Imanol Lezarekin batera izan den Ana Oregik Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan adierazi duenez, «Euskadin txartel bakarra ezartzea Euskadiko Garraio Agintaritzaren helburuetako bat da, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak sustatuta. Izan ere, hiru txartel bakar mota ditugu, lurralde bakoitzeko bana, ezaugarri eta erabilera desberdinekoak hirurak ere, tarifa eta prezioak direla eta».
Mugikortasuna
«Herritarren mugikortasuna erraztuko dugu; izan ere, egungo txartel bakarrak beste lurralde historikoetan erabili ahal izango dituzte. Dena dela, etorkizunean aldaketak izan daitezke hiru lurralde historikoen tarifa-integrazioaren arloan», gehitu du Oregi sailburuak.
Legegintzaldiaren hasieran adostu zenez, elkarreragingarritasun-proiektu pilotu abiarazi da, eta, horri jarraiki, MUGI-BAT-BARIK elkarreragingarritasuna aplikatu zen Bilboko tranbian 2014ko uztailaren 30ean; Bat ta Barik Vitoria-Gasteizko tranbian 2014ko abenduaren 21ean eta MUGI-BAT-BARIK 2015eko maiatzaren 5ean. DBUSerako elkarreragingarritasuna 2016rako aurreikusita dago.
Gaurtik aurrera, MUGI-BAT-BARIK elkarreragingarritasuna posible da Euskotrenen trenbide-zerbitzuen linea orokorrean (Bilbo-Donostia-Hendaia eta Amorebieta-Bermeo adarra). «Linea orokorra funtsezko elementu bat da elkarreragingarritasun-esparruaren barruan; izan ere, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde historikoetatik igarotzen da -Iparralde ere bai- etenik gabe batean zein bestean ditu geltokiak eta horietako edozeinetan sartu eta atera daiteke», adierazi du Ana Oregik.
Oregi sailburuaren arabera, «Euskadin txartel bakarra ezartzeak hiru lurraldeetako herritarrak batzeko aukera ematen du, eta hori garraio publikoa sustatuz egitekoa ere, mugikortasun jasangarriaren ikuspegitik onuragarria dena. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak honako lehentasun hau du: herritarrek Euskal Autonomia Erkidego osoan erabil daitekeen ordainketa-sistema bat izatea».
Gainera, Donostiaren eta Baionaren arteko loturak ere posible izango dira aurreragoko ezarpenetan, Euskotren, Akitania-Euskadi Euroeskualdearen barruan, lanean ari den proiektu bati esker. Horren aurrerapen bat, bada, Passeusk txartela da.
Euskotrenek, elkarreragingarritasun-proiektua abiarazteko, 72.284 euroko inbertsioa egin zuen 2014an. 2015ean, 463.737 eurora iritsi zen inbertsioa. Urte honetarako inbertsio-aurreikuspena 1.481.642 eurokoa da, eta horri zenbait garapeni buruzkoa gehitu beharko litzaioke.