Komunika zaitez

Garraio publikoaren tarifak mantendu egingo dira 2018ko apirilera arte gipuzkoarren % 85arentzat

.

Gaur indarrean sartuko dira Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak (GGLA) 2017rako onartu dituen tarifak

Garraio publikoaren tarifak mantendu egingo dira Mugi txartel pertsonalizatuak dituzten erabiltzaileentzat –gipuzkoarren % 85a, alegia– eta txartel arrunta erabiltzen dutenentzat. Txartel anonimoa erabiltzen dutenentzat baino ez dira igoko. Erabiltzaileen % 15a dira horiek, eta hilabetean 1etik 10era bidaia bitartean egiten dituzte gehienek. Bidaia bakoitzeko prezioa 22 zentimo igoko da hiri handienetan, txartel anonimoen kasuan.

Txartel anonimoaren abantaila da hainbat pertsonarentzako bidaia ordaintzeko aukera ematen duela, eta, beraz, txartelik ez duenak ere hobaridun garraioa erabil dezake.

Halaber, erabiltzaileen erosotasuna hobetzeko asmoz, Gipuzkoako Garraioaren Agintaritzak txartel anonimoa azken kargatik aktibatzeko epea luzatzea onartu du. Gaur egun, 3 hilabetekoa da epe hori, eta apirilaren 3tik aurrera, 12 hilabetekoa izango da.

Gipuzkoarren % 85ak Mugi txartel pertsonalizatuekin bidaiatzen du

Mugi sistemak Gipuzkoako garraio publikoa sustatu nahi du, eta abantaila handiak eskaintzen die garraio publikoa erabiltzen dutenei.

Garraio publikoaren erabilera saritu nahi du, eta, hala, garraio publikoan zenbat eta bidaia gehiago egin, orduan eta merkeagoak dira bidaiak. Izan ere, txartel pertsonalizatua izateak % 45 deskontua lortzeko eskubidea ematen du lehen bidaiatik.

Indarreko tarifen arabera, esaterako, 0 jauzi dituen txartel arrunt batek 1,70 euro balio ditu, eta Mugi txartel pertsonalizatua duten erabiltzaileek 0,93 ordaintzen dute (bien prezioa mantendu da).

% 45eko beherapen horrez gain, hobariak daude gazteentzat, adinekoentzat eta/edo desgaituentzat, erabiltzaileak errenta-baldintza batzuk betetzen baditu.

Hobari horiek metatu egiten dira txartela errekargatzean, eta % 14tik %108ra bitartean doaz. Hala, % 108ko hobaria izateko eskubidea duten pertsonek 5,4 €-ko saldo estra jasotzen dute errekargatzen dituzten 5 € bakoitzeko. Hau da, 5 € kargatuz gero, txartelean 10,4 €-ko saldoa izango dute.

Hobaridun taldeen artean, nabarmentzekoak dira familia ugariak ere, % 25eko edo % 100eko hobariak baitituzte Mugi txartela errekargatzen duten bakoitzean.

2013ko martxoan MUGI tarifa-sistema bateratua ezarri zenetik, 220.000 gipuzkoar inguruk eskuratu dituzte hobari horiek.

500.000 gipuzkoar baino gehiagok erabiltzen dute Mugi txartela urtero

Mugi txartel pertsonalizatua lortzeko baldintza bakarrak dira 5 urte bete izana eta argazkia eta NAN agiriaren fotokopia aurkeztea.

500.000 gipuzkoarrek erabiltzen dute txartela urtero. Hain zuzen ere, Gipuzkoako Garraioaren Agintaritzak maiz bidaiatzen dutenak txartel pertsonalizatua eskatzera animatzen ditu, sistemaren abantaila bikainez balia daitezen.

Txartela salmenta-puntuen sarean (kioskoak eta tabako-dendak), GGLAk Donostiako Easo kaleko 71. zenbakian dituen bulegoetan eta webgunean eska daiteke.

GGLA

GGLAk unean uneko garraio zerbitzua eskaintzen dio Gipuzkoari, baliabide eta operadore desberdinak bateratzeaz gain, herritarrentzat informazioa hobetzen.
GGLA ZUREGANDIK HURBILAGO.

Kontaktua

Easo kalea 74, 1C

20006 Donostia

info@mugi.eus

943 000 117