Komunika zaitez

Renfe MUGI sisteman sartzeko prozesua arrakastaz bete da

DONOSTIA. Astelehen honetan, apirilaren 1ean, RENFE aldiriak MUGI sisteman sartzen dela baliaturik, eta MUGI txartelak eskaintzen dituen eskubide eta onura guztiak egiaztatzeko xedez, Antonio Aiz GGLA-ATTGko presidente eta Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura eta Garraio Sailburuordea eta Julian Padierna EAEko Renfe aldirietako gerentea Donostiako Norteko Geltokira hurbildu dira, sistemak behar bezala funtzionatzen duela egiaztatzeko. Bisitan, Eluska Renedo GGLA-ATTGko Zuzendari Nagusiak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Marisol Garmendiak eta Donostiako Udaleko Pilar Aranak ere parte hartu dute.

Mugi AIZ MUGI 163 Mugi

Antonio Aizek adierazi duenez, “RENFEren integrazioa MUGI sisteman arrakastaz bete da, jardunaldia normaltasunez joan da eta ez da gertakizun garrantzitsurik izan”. GGLA-ATTGko presidenteak “pauso honek Gipuzkoarako eta euskal garraio sistema orokorrerako duen garrantzia” azpimarratu du, “garraio modu guztiak sistema bakarrean integratzen dituen lehenbiziko lurraldea bilakatu baita Gipuzkoa”. Adierazi duenez, “gaurkoa mesedegarria da erabiltzaileentzat, izan ere, MUGI txartelarekin %47 arteko beherapenez gozatu ahal izango dute, lehenbiziko 20 bidaietan”.

Renfe MUGI sisteman integratzeko bide luzea errealitate bilakatu da gaur. Gipuzkoako herritarrek asko eskaturiko integrazioa da, Renferi eta GGLA-ATTGri lan tekniko garrantzitsua eta konplexua eskatu diena, Gipuzkoa eta MUGI sistema, Estatu osoan erabateko tarifa eta modu integrazioa izango duen lehenbiziko sistema bilakatu dituena. Aizek gogorarazi duenez, “Gipuzkoako sistema aitzindaria izan da beti; eta, gaur egun, Euskotren, Dbus, Lurraldebus eta toki mailako beste garraio batzuk biltzen dituen sistema erakargarria dugu, eta Renferen sarrerak osatu egingo du hori”.

Antonio Aizen hitzetan “erakundeek lan egin behar dugu erabiltzaileei zerbitzu gehiago eta hobea eskaintzeko, garraioa gero eta lehiakorragoa bilakatuko duten tarifen, beherapenen eta hobarien bitartez”. Gaurtik aurrera, “MUGI sistema gero eta toki gehiagora helduko da; RENFEk hartzen duen Oria bailararen igarobide osotik luzatuko da, Brinkola eta Irun artean, eta eguneroko jarduna hobetuko du, Goierrin edo Tolosaldean, batez ere, orain arte ez baitzuten sisteman integraturiko tren zerbitzurik”. Adierazi duenez, “MUGI gehiagok garraio publiko gehiago, etorkizun gehiago, esan nahi du”.

Gipuzkoako garraioaren etorkizuneko erronkak

Gaur MUGI sistemak eman duen urrats garrantzitsua bide hartuta, sistema guztien integrazio osorako bidean, laster, uztailean, Renferen makinetan MUGI txartelaren diru errekargak eta bestelako eragiketak egiteko aukera egongo da, Kutxabank-eko kutxazainetan, Euskotreneko makinetan eta kioskoetan bezala.

Antonio Aizek azpimarratu duenez, “trenbidea Gipuzkoako eta Euskadiko garraioaren ardatz egituratzailea da”, eta gero eta trenbide sare berri gehiago ari gara bertan sartzen, “trena garraio publiko eskaintza egituratuko duten ardatz” gisa. Erakunde publikoak “maila anitzeko trenbidearen aldeko inbertsio apustu argia ari dira egiten: metropolitarra, topoa; hiriartekoa, Euskotren eta Renfe; eta abiadura handikoa, AHT”. Aizek adierazi duenez, “trena XXI. mendeko garraioa da, autobus, tranbia eta bizikleta sare lehiakorrekin osatzen dena, toki guztietara heltzeko aukera ematen duen sistema multimodala”.

Azpimarratu duenez, “AHT Gipuzkoara heltzeak, Norteko Geltokira, hain zuzen ere, eta Donostian eraikitzen ari den Topoaren lur azpiko igarobide berria zerbitzuan jartzeak goitik behera irauliko dute lurraldeko garraioaren eskema”. Aizen hitzetan, “Topoarekin 7,5 minutuz beherako maiztasunak eskaini ahal izango ditugu Lasarte-Oria eta Irun artean”, eta “Euskal Y-ak 35 minututan eramango gaitu EAEko gainerako hiriburuetara eta, aldi berean, Gipuzkoa eta Euskadi Europarekin lotuko ditu”.

 

GGLA

GGLAk unean uneko garraio zerbitzua eskaintzen dio Gipuzkoari, baliabide eta operadore desberdinak bateratzeaz gain, herritarrentzat informazioa hobetzen.
GGLA ZUREGANDIK HURBILAGO.

Kontaktua

Easo kalea 74, 1C

20006 Donostia

info@mugi.eus

943 000 117