Komunika zaitez

Oiartzungo Xorrola hiribusa MUGI sisteman sartuko da irailaren 1ean

Xorrola berria 01Ekainean Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako (GGLA) batzar orokorrak Oiartzungo Udala GGLAko kide izatea onartu ondoren, hilaren 1ean, Oiartzungo hiribusa MUGI sisteman sartuko da. Horrela, bada, orain arte MUGI txartela soilik txanpon-txartel gisa erabiltzeko aukera zegoen arren, orain, Gipuzkoako gainerako garraiobideek eskaintzen dituzten baldintza berdinak eskainiko ditu Xorrolak.

 

Hortaz, hiribusa erabiltzen duten bidaiariek MUGI sistemak eskaintzen dituen tarifa, hobari eta deskontuez baliatzeko aukera izango dute. Hala, tarifa-esparru berriak abantailak ekarriko dizkie MUGI txartel pertsonalizatua darabilten erabiltzaileei; izan ere, % 47ko, % 57ko eta % 90eko deskontua izango dute (lehenengo bidaietan % 47koa; 21. eta 50. bidaien artean % 57koa; 51. bidaiatik aurrera % 90ekoa). Gainera, sisteman integratzearen ondorioz, gazteek doan bidaiatuko dute 51. bidaiatik aurrera.

Bestalde, hiribusa lurraldeko beste garraiobide batzuetara heltzeko erabiliz gero, hala nola Euskotren edota Lurraldebuseko autobusetara, indarrean sartzen den sistemak % 75eko deskontua aplikatuko du txartel merkeenaren gainean; hau da, egingo diren bi bidaietatik txartel garestiena osoa kobratuko den arren merkeenaren % 25 soilik ordaindu beharko da, zein ordenatan erabili diren kontutan izan gabe.

Beraz, GGLAk beste urrats sendo bat eman du lurralde osoko garraio sistema ikuspegi bakar baten azpian batzeko bidean; GGLAk garraio ereduaren iraunkortasun eta irisgarritasunaz arduratzeko duen egitekoarekin bat, egungo eta etorkizuneko garraiobide sareen eta zerbitzuen hobekuntzaren erakusgarri da Xorrolaren integrazioa.

Antonio Aiz Salazar GGLAko lehendakariak adierazi duenez, “beste pausu berri bat ematen da, etorkizuneko garraio sistema osatuz, oiartzuarrak irailetik aurrera posible izango baitute MUGI sistemaren onurez gozatzea”. Aiz “erakunde ezberdinen arteko elkarlanaren alde” agertu da, bere ustetan “hau baita herri, eskualde eta lurralde ezberdinen artean garraio sistema integratu bakar bat osatzeko errezeta”. Prest agertu da Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzatik “bide horretan sakontzeko” eta “garraio sistema bateratuaren aldeko herri akordio bat” sustatzeko deia egin du.

GGLA

GGLAk unean uneko garraio zerbitzua eskaintzen dio Gipuzkoari, baliabide eta operadore desberdinak bateratzeaz gain, herritarrentzat informazioa hobetzen.
GGLA ZUREGANDIK HURBILAGO.

Kontaktua

Easo kalea 74, 1C

20006 Donostia

info@mugi.eus

943 000 117