Azken asteotan, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak (GGLA), Azahara Domínguez lehendakariaren eskutik, funtsezko hainbat hitzarmen luzatu ditu, MUGI sistemaren jarraipena bermatzeko. Luzapen hauek Lurraldebus eta Euskotren bezalako operadoreei ez ezik, autobus urbano zerbitzua duten udalerriei ere eragiten diete —Arrasate, Eibar, Errenteria, Oiartzun, Oñati eta Zarautz, besteak beste—, eta horien bidez garraio publiko irisgarriago, koordinatuago eta eraginkorrago baten alde egiten da.
Legez aurreikusitako luzapenek lau urtera arteko iraupena izan dezakete, eta 2012an sinatutako tarifak integratzeko sistema ezartzeko lankidetza-protokolo orokorraren barruan kokatzen dira. Hitzarmen hauei esker, herritarrek MUGI sistemaren abantaila guztiez gozatzen jarraitu ahal izango dute: txartel bakarra, zonakatze komuna, erabileraren araberako deskontu progresiboak, kolektiboentzako hobariak eta doako transbordoak, besteak beste.
“Udalek MUGI sistemarekin duten konpromisoa berresten jarrai dezaten lan egingo dugu, eta herritar gehiagok abantaila horiez baliatzeko aukera izan dezaten”, adierazi du GGLAko presidenteak.
Lurraldebus: MUGI sistemaren zutabe nagusietako bat
GGLAk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sinatutako hitzarmenari esker, Lurraldebusen hiriarteko autobus zerbitzua MUGI sistemaren barruan jarraituko du. Lurraldebus da MUGI txartelarekin ordaindutako bidaien kopuru handiena biltzen duen bigarren operadorea —hamarretik hiru baino gehiago—, eta bere partaidetza funtsezkoa da lurraldeko garraio publikoa bermatzeko.
“Gipuzkoan une historiko batean gaude garraio publikoaren erabilerari dagokionez, eta MUGI bezalako sistema aitzindaria eta erreferentea indartuz eta zabalduz erabilera sustatzen jarraitu behar dugu”, nabarmendu du Azahara Domínguezek.
Euskotren: MUGI sisteman integrazioari eusten dion operadore estrategikoa
Euskotrenek, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Iraunkorraren Sailaren mendeko operadoreak, berritu egin du GGLArekiko lankidetza-hitzarmena. 2023ko datuen arabera, Gipuzkoan 21 milioi bidaia egin ziren bere zerbitzuetan, MUGI txartelarekin ordaindutako bidaien %20 Euskotrenen eginda.
“Gipuzkoako garraio publikoaren esparruan hain garrantzitsua den Euskotren bezelako operadore batek MUGI sisteman duen konfiantza berrestea pizgarri bikaina da gure lurraldean garraio publikoaren erabilera sustatzen jarraitzeko”, adierazi du GGLAko lehendakariak.
DBus eta gainontzeko hiribusak: udal integrazioari jarraipena
Maiatzaren 28an sinatu zen Donostiako Udala eta GGLAren arteko hitzarmenaren luzapena, eta horri esker, DBUS operadorea MUGI sistemaren parte izaten jarraituko du. Urtero ia 30 milioi bidaia egiten dira bere lineetan, eta horietatik hamarretik ia bederatzi MUGI bidez ordaintzen dira.
Bestetik, aste hauetan Arrasate, Eibar, Errenteria, Oiartzun, Oñati eta Zarautz udalerriek GGLArekin dituzten lankidetza-hitzarmenak luzatu dituzte, eta, horri esker, beren autobus urbanoek MUGI sistemaren abantailak eskaintzen jarraituko dute.
Udal hauetan, erakundeen arteko lankidetza ezinbestekotzat jotzen da herritarrei garraio publiko hobea eskaintzeko. Gainera, zenbait udalek zerbitzuaren hobekuntza prozesuak jarri dituzte martxan, hala nola lineen diseinu berritzea edo sarearen modernizazioa.
Aste hauetan bukatutzat emango da MUGI sistemari atxikitako udalerri eta operadore guztien hitzarmen-luzapenen sinadura prozesua. Horrela dagoeneko MUGI sisteman integratuta dauden hiribus guztiek mugikortasun integratuko ereduaren parte izaten jarraitu eta sistemaren baldintza abantailatsuez baliatzen jarraituko dute.