2025eko uztailaren 1etik aurrera indarrean sartuko dira MUGI sistemako tarifa berriak, deskontu-sisteman hainbat aldaketa ekarriko dituztenak. Bidezkoagoa eta irisagrriagoa den mugikortasun ereduaren aldeko apustuari eutsiz, kolektibo zaurgarrien aldeko deskontuak mantendu eta indartu egiten dira, eta garraio publikoa ohikotasunez erabiltzen duten herritarrak saritzen jarraitzen da.
MUGI sistemak gehien bidaiatzen duten erabiltzaileak saritzen jarraitzen du, Gipuzkoako herritar guztientzako mugikortasun eredu iraunkor eta eskuragarriagoa bultzatuz.
Gazteentzako deskontuak eta deskontu orokorrak
25 urte bete gabe dituzten pertsonek %50eko hobaria jasotzen jarraituko dute, MUGI Gazte txartel pertsonalizatuaren bidez. Bestalde, garraio publikoa erabiltzen duten gainerako herritarrek %40ko hobari orokorra izango dute, uztailaren 1etik aurrera indarrean sartuko diren estatuko neurri berrien baitan.
Deskontu horiek automatikoki aplikatzen dira MUGI txartelarekin bidaiatzean, eta administrazioen arteko finantzaketari esker dira posible: %20 Espainiako Gobernuak eta beste %20 tokiko administrazio eskudunek hartzen dute bere gain.
Tarifikazio progresiboa: zenbat eta gehiago bidaiatu, orduan eta merkeago
MUGI sistemaren oinarrietako bat da tarifikazio progresiboa, hots, zenbat eta bidaia gehiago egin, orduan eta deskontu handiagoa:
- Herri orokorrarentzat, hileko bidaien arabera, %70, %75 eta %94ra arteko deskontuak aplikatzen dira.
- 15 eta 25 urte bitarteko gazteek, berriz, %75, %79 eta 51. bidaiatik aurrera doakotasun osoa eskuratu dezakete.
Horrela, garraio publikoa alternatiba merke eta eraginkorra izaten jarraitzen du, nahiz eta tarifen egokitzapena egin.
15 urtera arteko adingabeentzako doakotasuna
Beste neurri nabarmenetako bat da 6 eta 15 urte bitarteko adingabeentzako doakotasuna, urte amaierara arte luzatuko dena. Horretarako, MUGI txartel pertsonalizatua izatea beharrezkoa da (6 urtetik behera ez dute Mugi txartelarik behar).
Neurri honek 12 urtera arteko haurrentzako dagoeneko indarrean dagoen doakotasun estrukturala osatzen du, eta txikitatik garraio publikoaren erabilera sustatzen laguntzen du. Aldi berean, familientzako laguntza ekonomiko zuzena ere bada.
Herritar guztientzat sozialki justua den sistema
Hobari eta deskontuez gain, MUGI sistemak egiturazko abantailak eskaintzen jarraitzen du, gizartearen kohesioa eta berdintasuna sustatzeko helburuarekin:
- Garraio-aldaketa doakoa da sistema integratuan dauden operadoreen artean: bidaia garestiena baino ez da ordaintzen.
- Kolektibo berezientzako hobariak daude (langabeak, pentsiodunak, desgaitasuna duten pertsonak, etab.) txartela kargatzerakoan.
- Mendekotasuna duten pertsonen laguntzaileek ere doan bidaiatu dezakete.
Neurri hauek guztiak, sistema tarifario eta teknologikoki bateratuarekin batera, MUGI sistema garraio publiko bidezko, jasangarri eta erreferentziazko ereduan kokatzen dute.
Tarifa berriak kontsultatu
Tarifa berriak xehetasun osoz kontsultatu daitezke erantsitako taulan: txartel mota, erabiltzaile profila eta zerbitzuaren arabera aplikatzen diren prezioak ikusgai daude. Bertan nabarmen geratzen da bidaia-txartel arruntaren eta MUGI txartelarekin bidaiatzearen arteko aldea.