Garraio publikoaren tarifak mantendu egingo dira 2018ko apirilera arte gipuzkoarren % 85arentzat

Gaur indarrean sartuko dira Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak (GGLA) 2017rako onartu dituen tarifak
Garraio publikoaren tarifak mantendu egingo dira Mugi txartel pertsonalizatuak dituzten erabiltzaileentzat –gipuzkoarren % 85a, alegia– eta txartel arrunta erabiltzen dutenentzat. Txartel anonimoa erabiltzen dutenentzat baino ez dira igoko. Erabiltzaileen % 15a dira horiek, eta hilabetean 1etik 10era bidaia bitartean egiten dituzte gehienek. Bidaia bakoitzeko prezioa 22 zentimo igoko da hiri handienetan, txartel anonimoen kasuan.